Adierazpena


Gladys gogoan zaitugu

Historia apur bat
1979 urtean, Tutera, Arguedas, Valtierra, Cadreita eta Cascanteko alkateek zentral nuklear baten proiektua eta Bardeako tiro-eremua gelditzea eskatu zuten. Zentral nuklearra "Soto de Vergara" izeneko lurretan eraiki nahi zuten, Arguedas eta Tutera artean. Tito eremua, berriz, 1951tik zegoen martxan.
Urte berean, Three Mile Island (Harrisburg, EEBB) izeneko zentral nuklearraren istripuaren ondoren, Europako mugimendu antinuklearrak deialdia egin zuen mobilizazioa deszentralizatuak antola zitezen Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin batera. Erriberako ADMAR elkarteak eta Euskadiko Komite Antinuklearrek adostu zuten deialdi bateratu bat egiteko, eta 1979ko ekainaren 3rako, Tuterako Pradon, erreibindikazio jaialdi batean parte hartzeko deia zabaldu zuten.
Egun horretako ekitaldia programatuta zegoen bezala zihoan, jai-eremuan Polizia agertu zen arte. Horren ondorioz antolatutako eserialdi baketsuan Gladys de Estal Ferreño 23 urteko gazteak parte hartzen zuenean, José Martínez Salas guardia zibilak atzetik kolpe bat jo zion arma batez eta bala bat buruan sartu. Agentea prozesatua izan zen eta 18 hilabeteko zigorra jaso zuen "heriotza ekarri zuen zuhurtziagabetasun ausartegi" delituaren egile izateagatik. Baina zigortuta izan zen arren, guardia zibilak bi domina jaso zituen ustekabean: 1982an, Merituaren Gurutzea bereizgarri zuriarekin; eta 1992an Meritu Militarraren Ordenaren Gurutzea, Nafarroako Erriberan erakutsitako dedikazio eta lanarengatik.
Tuterako Udalak, 21 zinegotziek aho batez bozkatuta, bi aldiz eskatu zituen Barne ministroaren, gobernadore zibilaren eta polizia arduradunen dimisioak, baita FOPen (Ordena Publikoaren Indarrak) alde egitea eta errepresio gorputzen disoluzioa ere. Horrez gain, Bardeako tiro-eremuaren lurrak Nafarroarako berreskuratzea eta plangintza nuklear guztiak gelditzea eskatu zuen. 60 udalek baino gehiagok bat egin zuten aldarrikapenarekin. Ezer ez zen bete.
Tuterako errebindikazio jaialdiaren deialdi hura bultzatu zuten eskaerei dagokienean, Arguedaseko zentrala geratzea lortu zen. Mario Gaviriak 2017an, hil baino urtebete lehenago, hala zioen: "Nafarroa gaur egun potentzia bat da nekazaritzako elikagaietan, proiektu nuklear horrekin dena desagertuko zen, tragedia bat zetorren. Egia esan lurra defendatu eta mobilizazio handiak egon ziren tokitan –Ebroko haranean eta Euskal Herrian esaterako– ez ziren ausartu zentralak eraikitzen. Eta horrez gain, ixteko oinarriak ere ezarri ziren". Hori izan da Debaren, Ea-Ispasterren eta Lemoizen kasua.

Orainaldiko beste apur bat
Hala ere, 1979ko ekainaren 3ko aldarrikapen haiek indarrean darraite.
Ebroko urak, Erriberako ortuak ureztatzen dituztenak, ez daude arrisku erradioaktibotik libre, zeren eta, Garoñako zentral nuklearra itxi den arren, bertako instalazioetan hondakin erradioaktiboetarako ontzi bat eraikitzen ari baitira, urtetan zehar metatutako hondakinak bertan biltzeko. Istripu baten arriskua eta ziurgabetasuna hor darrai.
Bestalde, Bardeako tiro-eremua ixteko exijentzia ez da gauzatu, eta NATOko hegazkinak bertan aritzen dira su erreala erabiliz, bertan probatutakoa planetako zeharreko gerratan jaurtitzeko asmoz. Eremua erabili duten 67 urteetan hirurogeita hamar bat istripu gertatu dira, azken biak 2015ean, hogei bat piloturen heriotzak eraginez. Ekitaldi, martxa eta izaera askotako aldarrikapen anitz egin dira: Nafarroako Legebiltzarrak gutxienez zortzi aldiz eskatu du eremua bertan behera uztea, Tuterako udalak beste horrenbeste, eta eremua desagertzeko ehun posizionamendu baino gehiago egin dira hainbat udaletatik.
Biziaren eta bakearen alde, gerra gehiagorik ez.

Itxaropen handia
Gladys del Estalen oroimenak, bizia defendatzearren paradoxikoki hil zen emakume gazte baten memoria horrek, ekofeminismoaren baloreak aitortzeko eta sakontzeko deitzen digu, energia nuklearrik eta armarik gabeko bizitza aldarrikatuz.
Gladys biktima bat da. Baina ez bigarren mailako biktima bat. Bere senideek eta gertukoek eskubidea dugu Estatuko gorengo autoritateek egindako mina aitor dezaten.
Egin dituen akatsak aitortzeko eta konponbidea jartzeko Estatuak duen interes faltak, testigantza faltsuak, epai injustuak eta botere judizialaren eta polizialaren arteko konnibentzia tartean, Gladysen oroimena mantentzera bultzatzen gaitu. Egindako injustiziaren aitormena eta bere memoriaren erreparazioa nahi dugu.
Gladysi ezin diote bizia itzuli, baina posiblea da aldarrikatu zituen helburuak lortzea, duela 40 urte Tuterara eraman zuten eta heriotza ekarri zioten helburu horiek. Adierazpen honekin bat gatozenok dei egiten dugu indarrak batzera eta sen onarekin jokatzera eskaera hauek egia bihur daitezen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat